Itxura guztien kontra, esperantza

Espainiako gobernuarekin abiatutako negoziazio prozesuan izan diren zailtasunak eta baldintza demokratikorik eza kezka sakonaz jarraitu izan ditugu Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarretakook. Saiakera honek blokeatua izan eta gero, azken buruan, ETAk suetena bertan behera uzteaz izan du amaiera.

Elkarrizketa bidezko akordioa lortzeko esperantzak berriz ere zapuztu egin direla ikusteak hiritargoarengan sortu duen etsipen eta desengainuaren aurrean eta, ondorioz, amaierarik ez duen sufrimenduaren aurrean gure iritzia jakinarazi nahi genuke; horrela, bada, prozesu honek jarraitu egin behar duela azaldu duten beste askorekin bat egiten dugu bakea eta normalizazio politikoa, eskakizun eta eskubide kolektiboa ez ezik, lehentasun etikoa eta politikoa direlako.

Jesusengan dugun sinesmenak eta Hari jarraitzeko gogoak sufritzen dutenekin solidarioak izatera, sufrimendu horien kausak bilatzera eta, besteek duten egiaren zatia aitortuz , elkarrizketa zintzoan oinarritutako konponbideak bilatzera bultzatzen gaitu. Halaz ere, jarrera hau izanik ere, kritiko izan behar dugu interes partidistak ala erabakiak hartzeko ausardia falta erakusten dituzten pertsona eta kolektiboekin, izan ere, jokabide horrrekin, premiagabe atzeratzen dute akordioen bilaketa edo prozesuan aurrera ez egitea ala atzerantza joatea onartzeko inolaz ere prest ez daudenen indarkeriazko erantzuna eragiten baitute.

Halaber, ezin dugu kontutan hartu gabe utzi konponbidearen bilaketak herriek beraien etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen onarpenean izan behar duela abiapuntua eta horregatik, hain zuzen, bere eskubideak ukatzen zaizkion herriak izan behar duela normalizazioranzko eginkizun horretan funtsezko protagonista, jendaurrean gehiago azaltzen diren eragileen egitekoa gutxietsi gabe, noski. Horrexegatik gizartearen zati garrantzitsu bat ilegalizatzea eta bere iritzia azaltzeko ahalbidea ukatzea oztopo larria dira prozesu honentzat.

Horregatik, bada, bai Gobernuari eta bai bestelako Erakundeei dei egiten diegu neurri errepresiboak bertan behera utzi eta betegabeko konpromisoak berriz har ditzaten prozesuari berriz ekitea ahalbidetuz. Halaber, ETAri eskatzen diogu suetena etetearen erabakia berrazter dezala, prozesu honek beste aukera bat izan dezan eta, horrela, herriak etorkizunerako zer nahi duen adierazi ahal izan dezan, bide horretatik nahi eta merezi duen bakea lortu ahal izateko.

Egoera zail honetan Ebanjelioaren mezu askatzaileak sinestedun guztiok beste behin gonbidatzen gaitu prozesuari bultz egiteko asmoz gauzatzen diren ekintzetan partaide aktiboak izatera, horrela Jesusek bere herriarentzako adierazitako bake zuzen eta iraunkorraren esperantzari eutsi ahal izateko, “jakin ere baitakigu justiziak bakean izan behar duela bere betetasuna, baina bakea bere egiten duen bihotzaren baitatik baino ezin dela justizia eraiki”.

EUSKAL HERRIKO KRISTAU ELKARTE HERRITARRAK

Texto en español

 

Opciones de visualización de comentarios

Seleccione la forma que prefiera para mostrar los comentarios y haga clic en «Guardar las opciones» para activar los cambios.
Urtero bezala, jada hasia da por alexdenipaul