Contra desesperanza …compromiso
Orain dela hilabete batzuk, arazoaren hari artean korapilatuta dauden guztiek elkar hartuta gatazkaren irtenbidea azken urratsetan zela ikusten genuen arren, dena hankaz gora joan da, eta egun hauetan berriro agertu zaizkigu justifikatu ezinezko indarkeriak gure Herrian, gure ondoan, erarik gordinenean: etengabeko atxiloketak (100dik gora udatik hona), epaiak eta espetxeratzeak 18/98 eta + makrosumarioan, legez kanpo uzteko mehatxuak, herri eta giza eskubideen urratzeak, torturak, ETAren egintza armatuak, heriotzak,… Guzti horiek hodei beltzak sorrarazi dituzte euskal herritarrok lortu nahi dugun normalizazioaren zeruan.
Uztarpean, zapalduta, zaurituta sentitzen den animalia baten antzera iraulka ageri zaigu gure herria; batzuetan ukazio artean, beste batzuetan aurre eginez, inoizka erasoka eta zenbaitetan bere burua erruduntzat joez… Baina, beldurra areagotu eta segurtasun-egarria indartu baino egiten ez duten instintu mailako berezko jarrera guzti hauek gainditu nahi ditugu; honelakoek ez dute pertsonengan egiatan aldaketa sakonik sortzen; gutxiago, oraindik, justizian, askatasunean eta Euskal Herriaren nahiz munduko beste herri guztien eskubide indibidual eta kolektiboen onarpenean oinarritutako bakera daramaten baliabide izan behar duten egituretan.
Zer esanik ez, gutariko hainbat, errudun, lotsatuta edota triste sentitzen gara. Era berean, parte-hartzaile ere sentitzen gara, axolagabetasunean murgildurik ezer gutxi egiten dugulako guzti hori konpontzeko. Sakoneanez diogu aurre egin nahi bizitzen ari garen arazo handiari; beldur-ikara sortzen digu gure segurtasuna kolokan jar dezakeen edozein jarrerak. Bizitzen ari garen uneari egokiro erantzuteko bideetatik ote gabiltza?
Pertsona batzuk antolatzera eta borrokatzera egiten dute dei. Beste batzuk, legaltasuna eta ezarritako ordena mantentzera. Batzuk “zuzenbidezko estatua” dakarte aurrera, zuzenbideak (legeak) berez justizia balekar bezala (diktadura ere “zuzenbidezko estatua” zen, nonbait). Beste zenbaitek eskura ditugun baliabide guztiak erabiliz erantzutera deitzen gaituzte, ahaztu egiten dutelarik baliabide horiek ezarri nahi den justizian bertan oinarritu behar direla (heriotza, tortura, askatasun indibidualak eta/edo kolektiboak, politikoak zein sozialak, indarkeria bera, era eta maila guztietan… aurreko printzipio horren mende egon behar dute). Edozein indarkeria mota, kutsu politikozko epaiketak, polizia bidezko prozedurak, torturak zein tratu txarrak ez dira inoiz justizia eta bakea sortzeko bide egokiak izan.
Etsipenak eta elkarren aurkako zenbait jarrera indartzeak ezinezkoa egiten dute, bake-bideak sustatuz, elkarbizitza eta pertsonen eta herrien eskubide guztien begirunea ekarriko duen benetako demokrazia gauzatzea.
Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarretako kideok ezin dugu isilik geratu une honetan. Zer itxaroten dugu, baina, abendua ospatzen dugun garai honetan? Zein bide ari gara gertatzen? Egin-eginean ere, halakoak saminez beterik geure egiten ditugun egun hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu bakeari bideak irekitzea; hain zuzen ere, irudimenez, bihotz zabaltasunez, eta hauteskunde-garaietako interesak zein indarkeria onartezinak gaindituz, gure herriaren ongizatea nahiz gatazka areagotzearen ondoriorik latzenak pairatzen dituzten pertsonak kontuan izanik jarduteko erabakiak hartzea.
Adiskidetze politiko eta sozialaren bidez, indarkeria mota guztiak etenik, biktima guztiei elkartasuna agertuz, justizia errespetatuz, elkarrizketan eta adierazpen askatasunean inor baztertu gabe jardunez egin dezakegu bakarrik bide etikoetatik bakerantz eta normalizaziorantz.
Hori horrela, honako hauek exijitzen ditugu: 18/98 makrosumarioa berraztertzea, hainbat izan baitira nazioarteko ordezkarien iritziz ere lege-akatsak; auzipetuak askatzea; bakezko baliabideetan iritziak izateko zein elkartu ahal izateko eskubideak erabiltzeagatik espetxeratuak aske uztea; eta horien nahiz gainerako espetxeratu guztien eta euren familiakoen eskubide guztiak errespetatzea.
Kristau Elkarte Herritarreko eta gure herriko kide garen adinean, hainbeste indarkeriaren ondorioak jasaten dutenei elkartasuna agertuz, Jesusen ebanjelioak, berriona txiroei, askatasuna gatibuei eta zapalduei (Lk 4, 18) iragartzen digun bidetik justizian oinarritutako bakerako bidea gauzatzeko eskubide guztiak errespetatzea eskatzen dugu. Hain gizatiarra dugun etsipenaren aurrean Nazareteko Jesusen Hitzean eta deian jartzen dugu konfiantza osoa, bertan kartzelatuen, justiziaren gose-egarri direnen, eta bakearen alde dihardutenen aldeko konpromiso argia agertzen baita (Mt 5, 3-10). Konfiantza horrek eraginda konpromisoa hartu, eta dei egiten dugu elkarrizketara, negoziazio politikoari ateak irekitzera, AMNISTIA (kartzelak hutsituz, makrosumarioak baztertuz, oroimen historikoan oinarritutako adiskidetzea eginez…) exijitzera.
Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrak
2007ko abendua